Gure Fakultatea Zuzenbidea ezagutu eta balioen, besteak beste, justiziaren, berdintasunaren eta elkartasunaren, inguruko prestakuntza sendoa eskuratzeko lekua izan dadin nahi dugu. Horretarako, gure taldea abokatutzaren jardueraren, epailetzaren edo enpresa-aholkularitzaren arloko ehun irakaslek eta profesionalek baino gehiagok osatzen dute; taldeak, eguneroko eskola teoriko eta praktikoen bidez, etorkizuneko lanbide-karrerarako beharrezkoa den oinarri juridikoa emango dizuten ikasketa-giroa eta lankidetzan oinarritzen den lan-giroa sortzen du.
Zuzenbide Fakultatea 1886an sortu zen, eta, harrezkeroztik, irakaskuntzarako bokazioa eta Zuzenbidearen jarduerarako prestakuntza arrakastatsua izan ditu berezko ezaugarri. Hemen karrera zuzenbide publikora, zuzenbide pribatura edo nazioz haraindiko zuzenbidera bideratu ahal izango duzu.
Halaber, ekonomia- eta enpresa-estrategietan sakontzeko parada izango duzu, prestakuntza juridiko digitalarekin hasi eta mugikortasun-egonaldiak egitera hainbat unibertsitatetan, Erasmus edo Sócrates programen bitartez.
Lehentasuna ematen diogu bakarkako ahaleginari eta talde-lanari, uste sendoa baitugu ardura eta erantzukizuna hasieratik bertatik landu behar direla inguru akademikoan. Bertan aurkituko duzu nazio eta nazioarte mailako esparru juridikoan moldatzeko behar duzun guztia.
Gure web-orria kontsulta dezakezu, dituzun galdera guztien erantzunak aurkitzeko.
Erantzunak aurkitu ezean, jar zaitez gurekin harremanetan, laguntzeko gaituzu eta.
Gema Tomás,
Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa.